‘ORKESTRA LURTARRA’, MUSIKA – AGIAN – SALBATUKO DUEN ORKESTRA ETA MUSIKARIAK IDENTIFIKATUTA SENTIARAZTEN DITUENA

 

“Bazen garaia gutaz hitz egiteko”, “Azkenean, managerrak beren lekuan jartzen dituzte”, “Musika taldearekin lokalaren eta errepidearen egunerokotasunean erretratatuta sentitu naiz”. Horiexek dira proiekzioaren ondoren Donostiako Principe zinemetan ‘Orkestra Lurtarra’ filmaren aurkezpenean bildutako musikariek komentatutako esanetako batzuk.

“Inoiz ez nukeen pentsatuko Mikel Anestesia pantaila handi batean animatuta karakterizatuta ikustea, eta asko pozten naiz. Hori da aurrerantz goazela”, “Alabari eta bioi asko gustatu zaigu, gutxitan pasatzen da hori eta itzela da”… gisako esaldiak jaso genituen Bartzelonako Cines Girona-ko aurrestreinaldian rockero zaharren ahotik.

Orain, pandemiaren garaian kontzertuak eta bestelako kultur ekitaldiak luzaroan gelditu ondoren, agendak ugaritzen ari dira, eta, gainera, eguraldi ezin atseginagoarekin, ezinezkoa zirudien ia 300 eserlekuko bi zinema-areto zabal betetzea larunbat goiz batean Donostian eta beste batean igandean Bartzelonan.

Baina zinemak bete ziren, bai horixe: Fito Cabrales (Fitipaldisekoa) Bizkaitik joan zen aurrestreinaldira Fitipaldis-en bira erraldoia hasi baino lehen; Fermin Muguruzak geldialdi bat egin zuen ‘Black Is Beltza-Ainhoa’ film berriaren promozio lanean Donostian izateko; Maite Arroitajauregi ´Mursego’´k etenik gabeko soinu bandak konposatzeko lanak bertan behera utzi zituen goiz batez; eta Mikel Kazalis goiztiar ibili zen filma ikusteko. Aipatzekoa da azken biak (Kazalis eta Arroitajauregi) Anarirekin batera filmean kameo bana egiten dutela animazioarekin karakterizatuta. Horiez gain, beste askok eta askok itxaron gabe ikusi nahi izan zituzten ezohiko orkestra honen abenturak, edozein musika taldek lokalean zein errepidean bizi behar izaten dituenak ezinhobeto erakusten dituenak, baina hori bai, umore tonoan.

Musika talde beteranoetako kideak, hala nola Liher, Kokein, Nuevo Catecismo Catolico, El Corazón del Sapo edo Estricalla (eta orain Onki Xin), Cobra, Sara Zozaya abangoardista, Javier Sun karismatikoa, Nogen bezalako etorkizun handiko gazteak, euskal musika eszenako funtsezko agenteak, hala nola JuanCar Bloody Mary, Karlos Osinaga Xin, Esan Ozenki eta Metak-eko sortzaile Angel Kamio ‘Jitu’ eta Asier Zulueta ‘Zulu’, Joxe A. Areta Goñi ‘Juxe’… guztiek izugarri disfrutatu zuten filma eta “motza” egin zitzaiela aitortu zuten.

Zalantzarik gabe, film oso musikala da, oso benetazkoa, ganberroa eta dibertigarria, bizitza bera bezalakoa. Gainera, Lotura Films ekoiztetxeko Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce zuzendari beteranoek zuzendu dute, biek ala biek musika oso gertutik bizi dutenak; eta, zehazki azkenak, Poncek, rap-etik erritmo latinoak, jazzeroak eta beroak jorratzen dituen soinu-banda malgua idatzi du, betiere  bere rock ikuspegitik, Ponce proiektu ilunen baina distiratsuen sortzailea bat izan baita, hala nola, Dut, Kuraia eta JP Lohian beste batzuen artean.

‘Orkestra Lurtarra’-k musika salbatuko du? Ez dugu esango, ez dizuegu spoilerrik egingo. Baina ziurtatzen dizuegu adin desberdinetako publiko irekia dibertituko duela, lurra zapaltzen duten istorio erreal eta sinesgarrien bila dabiltzanak, eta ziurtatzen dizuegu musika bizi eta maite duten guztientzat ezinbestekoa dela bereziki. Gutxitan sentituko dira hain erretratuta eta identifikatuta.

Ikusi hemen musikari batzuei egindako elkarrizketak.