orkestra lurtarra logoa

Musika lagun dugula bidaia dibertigarri bat egitera gonbidatu nahi zaituztegu!

Play Video

Bizitzan ezer ez da erraza ezta bat-batekoa, baina aldi berean asko dauka ospatzeko.
Hori oso ondo ikasi dute Orkestra Lurtarra arrakastara… edo ez… eramango duten
musikariek. Baita ere, Lotura Films-ekoek: hain zuzen ere, 2014an izen bereko liburuan
oinarrituta film hau egitea erabaki zuten. Luze jo du, baina merezi izan dute bideak eta
lanak

Filma Euskadi Saria irabazi zuen Harkaitz Canoren ‘Orkestra Lurtarra’ liburuan
oinarrituta dago, baina bestelako tratamendua egin diote musikalki eta baita istorioan
ere, garaikideago eta ganberroago bihurtuta. Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute filma eta azken honek izdatzi du musika guztia; Harkaitz Canok berak eta Eneko Olasagastik josi dute gidoia. Eta emaitza da, seguruenik, Lotura Films-ek orain arte egin duen lanik ‘txoro’ eta dibertigarriena, bai
txiki zein helduentzat aproposa dena.

Filmeko pertsonaiek eta hauek arrakasta horren bilaketan biziko dituzten hartu-
emanek gizartea ezinhobeto erretratatzen dute: Manu ameslaria eta pixkat tuntuna;
Salegi bizizale eta harroa; Perfumetti anai erromantikoak; Aldika orojakilea; Osoki
bihurri eta egoskorra, Presidentea izeneko ahuntza…

URTEA

2022

PRODUKZIO MOTA

Luzemetraia

IRAUPENA

70 minutu

ZUZENDARIA

Imanol ZinkunegI
Joseba Ponce

GIDOIA

Harkaitz Cano
Eneko Olasagasti

EKOITZETXEA

Lotura Films
Jarraituz Filmak AIE

MUSIKA

Joseba Ponce

PERTSONAIAK

Manu

Manu erratz-jolea da. Bai, erratz jolea! Ausarta eta baikorra, oztopo guztiak gainditzeko prest dagoen ameslaria.

Bere instrumentu bereziarekin musika alorrean hegan egin nahi duen bihotz oneko mutila dugu. Maiteminduta dago Manu eta Stella Panini pianista ezagutzeko asmoz orkestra gailurrera eramango du gure protagonistak.

Krokanti

Hamaika izozki-zaporeren atzean ezkutatzen den abeslari lirikoa da Krokanti. 

Nahiz eta bere bibote handi horrek serio itxura ematen dion, ahoa ireki ahala aingerua dirudi. Familia utzi eta abenturan joatea erabaki du, malenkonia eta tristura sentimendu guztiak gaindituta.

Aldika

Kontrabaxua lagun min duen neska kaskagorria da Aldika. Maitabera eta sentikorra.

Argia da eta inguruan gertatzen denari adi-adi behatzen diona. Urduri jartzen denean, besapetako azkurak zenbaitetan zailtasunak eragiten dizkio. Horregatik, kontzertuetan argi ibili behar dute, edozein momentutan Aldikak larrialdi bat eduki dezake-eta.

Osoki

Manu lagun min duen perkusionista da Osoki. Gorputz txiki horren barruan, geldirik egon ezin duen artista handi bat dabil atera nahiean. Agertokiari beldurra dio baina asko pentsatu gabe aurrera egiten du beti. Osoki kexatia da oso, nahiz eta denek asko maite duten.

Perfumetti anaiak

Txukun-txukun doaz beti Perfumeti anaiak. Usain goxoa eta garbitasuna ezinbestekotzat dute doazen lekura doazela. Zirkuko musikariak izandakoak, Presidente ahuntzarekin noraezean doaz ametsak betetzeko helburu argiarekin.

Salegi

Luxua gehiegi gustatzen zaion pertsonaia dugu Salegi. Horrek askotan arriskuan jarri du bere bizitza. Kontuz ibili behar da Salegiren iruzur eta trikimailuekin. Ingurukoei iruzurra eginez nahi duena lortzea da bere espezialitatea. Ez zaitez gehiegi gerturatu eta kontuz hark esandakoa sinisteaz.

Presidente

Presidente hara eta hona dabilen ahuntz preziatua da. Denentzako beste taldekide bat. Zein ongi bizi den gure presidentea!

Kiriki

Hori txori saltseroa hori, Kiriki! Nahiz eta isil-isilik egon, taldekide garrantzitsu bat da eta perkusionista bikaina. Osokirekin batera bikote xelebrea osatzen dute.

Stella

Musikaren izar honek behatzak piano gainean jartzen dituenean denak zur eta lur gelditzen dira. Bere piano unibertsoan murgilduta bizi da, inguruan gertatzen den beste denari arreta gutxi eginez. Maiteminduta dago. Bere ametsak maite ditu.

Aisha

Manuk eta Aishak gau luze asko partekatzen dituzte lanean. Baina ez bakarrik lanean. Aisha Manuren kontakizunetan murgilduko da bere abentura ameslariak ezagutzeko. Aishak erritmoa eta doinua jarriko dizkie Manuren desioei, errealitate bilaka daitezen!